Korterraza Gasteiz eta Korterraza Araba 2022
Korterraza beste behin ere urteko film laburrenekin dator uda honetan. Lehiaketaren 13. edizioa da Gasteizen, eta 8.a, berriz, Araban. Guztira, 47 proiekzio emango dira Arabako 39 herritan, eta herritar guztientzako sarrera librea izango dute. Araban, uztailaren 2an hasiko da lehiaketa, Agurainen, Langarikan eta Zurbaon, eta Gasteizen, berriz, uztailaren 7tik 9ra, Artium Museoan, hiru proiekzio jardunaldi eta sei kontzerturekin: Eli ‘Paperboy Reed’ eta los Harlem Gospel Travelers, Niña Coyote eta Chico Tornado, Germán Salto, Rambalaya, Mice eta Arenna.
“Kultura Kalean! elkarte antolatzaileak ahalegin handia egin du hainbeste proiekzio prestatu eta garatzeko, gehi Gasteizko kontzertuak. Jendeari programazio entretenigarria, interesgarria eta kalitatezkoa eskaintzen saiatzen gara, eta elkartearen ekonomia eta antolaketa aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzen ditugu udatik udara film labur eta kontzertu hobeak proposatzeko. Ez da erraza, baina merezi du, edizio bakoitzean publikoak emandako erantzun ona ikusita”, Xabi Vitoria lehiaketaren zuzendariak azaldu duenez.
Korterraza Arabak film laburren mundua hurbilduko du lurraldeko bazter guztietara uztailetik irailera bitartean. Arabako 38 herritan egingo dira 42 proiekzio, hauexetan: Langarika, Zurbao, Agurain, Burgelu, Aramaio, Dulantzi, Agurain, Artziniega, Okondo, Trebiñu, Ondategi, Araia, Leciñana, Legutio, Izarra, Oroko Santutegia, Estavillo, Argantzon, Gurendes, Maeztu, Urizaharra, Durruma, Ozio, Lanteno, Bastida, Berantevilla, Gesaltza Añana, Zuhatzu Kuartango, Etura, Uribarri Jauregi, Bastida, Gebara, Corro, Narbaxa, Larrazubi, Zabalate, Markiz eta Erentxun.
Herriek abagunea izan dute film laburren aukera egiteko lau hautapen hauetatik: Súper Selección, Komedia, Txiki eta Mix. “Arabako publikoaren aldetik harrera oso ona duten saioak dira. Jaialdia oso finkatua dago lurraldean, eta ikusle oinarri fidela du, uda bakoitzean oso ondo pasatzen baitu film laburrekin”, nabarmendu du antolatzaileak.
Film laburrak eta musika
Korterraza Gasteiz, bestalde, uztailaren 7tik 9ra egingo da Artium Museoaren kanpoaldean. Film laburren saioak eta zuzeneko musika uztartuko dituzten hiru jardunaldi izango dira. Proiekzioei dagokienez, ikusleek hiru saio izango dituzte aire zabalean, azken urteko lan nabarmenekin. Eta musikaren atalean, kartelak proposamen nabarmenak ditu: Eli ´Paperboy’ Reed soulman estatubatuarraren kontzertua Harlem Gospel Travelers-ekin batera, Niña Coyote eta Chico Tornadoren rock indartsua, Germán Saltoren talentua ezagutzea, Rambalayaren erritmoa eta dantza egiteko gogoak, MICEren abesti berriak eta Arenna gasteiztarren proposamen interesgarria. Eta hori guztia, doakoa eta herritar guztientzat irekia.
“Ahalegin handia egiten dugu kultur proposamen interesgarriak kalera eramateko eta guztien eskura jartzeko. Aurten, adibidez, luxu bat iruditzen zaigu Eli ‘Paperboy’ Reed eta Harlem Gospel Travelers izatea. Artium Museora hurbiltzen den publikoak zinema eta musika jardunaldi ederrez gozatuko du”, nabarmendu du Vitoriak.
Korterraza Gasteizko programazioa abuztuaren amaieran osatuko da Korterraza Sentsibilizarekin (gai sozialei buruzko film laburretan zentratutako atala), eta irailaren hasieran Korterraza Txikirekin (haurrentzako proposamena), aurten proiekzioaren aurretik zinemaren munduan zentratutako ipuin kontalaria izango duena.
Hautapen indartsua
Edizio honetan, arabarrek 42 film laburren hautapenaz gozatuko dute. Jasotako 987 lanetatik nabarmenenak dira, eta hautaketa prozesu zail bat jasan dute, kalitate handia daukate eta. Hautatutako film laburrak bost ataletan banatuta daude: Ofiziala, Erakusgai, Komedia, Txiki eta Sentsibiliza. “Askotariko saioak izango dira, oso entretenigarriak, komedia askorekin, eta suspense, drama eta animazio pixka batekin. Hori guztia oso pentsatuta dago aire zabalean gozatzeko”, esan du Vitoriak.
Proposamen horien artean, honako istorio hauek aurkituko ditu publikoak: Ellie, ospitale bateko larrialdi aretoan suspensea eta drama nahasten dituena; Mesa para 3, aktore talde nabarmen batekin: Luis Zahera, Paco Tous, Nacho Guerreros, Nerea Garmendia, Luis Mottola eta Alexandra Masangkay; La nadadora, María Algoraren drama bat, non Mikel Bustamante arabarrak parte hartzen baitu; No te verán correr, Jon Plazaola protagonista duen thriller bizkorra; Mañana volveré, Hugo de la Rivaren istorio samurra, 2017an Publikoaren Saria irabazi zuena Korterraza Gasteizen; Kellys komedia dramatikoa, Javier Fesserek zuzendua; edo Cristianoren umorea, apaiztegian sartu nahi duen gazte elizkoi bati buruzko istorio zoroa.
Arabako Film Laburraren Eguna
Lehiaketak, ohi bezala, Arabako Film Laburraren Eguna izango du, oraingo honetan lurraldeko sortzaileen sei film labur hauekin: The Parrot, Juanma Bajo Ulloa zinemagile arabar handiaren azken lana; Parlez-vous?, Aitor De Kintanaren komedia dibertigarria, 2019an Gasteizen eta Araban Pizzarekin Publikoaren Saria irabazi zuena; Vatios, David Pérez Sañudoren kirol drama; Tula, Beatriz De Silvaren istorio dibertigarri eta hunkigarria; N-666, Imanol Ortiz Lópezen dardaragarria; Kinka, konfinamenduari buruz Maider Oleagak egindako drama; eta El fiestón, Gorka Aguinagalde eta Xabi Vitoriaren komedia oiesa, lehiaketatik kanpo parte hartuko duena.
“Arabako ikus-entzunezkoak maila handia izaten jarraitzen du. Urtetik urtera film labur bikainak ekoizten dira, askotariko genero eta istorioekin, eta oso interesgarriak ikusleentzat. Zorte handia dugu horrelako lanez gozatzearekin”, nabarmendu du Xabi Vitoriak.
Euskara Saria
Gasteizko eta Arabako edizioen artean emango dituen 10 sarietatik lehena ezagutzen du dagoeneko lehiaketak. Berak baleki lanak Bertako Igogailuak – Euskera Saria irabazi du, hau da, euskaraz egindako film laburrik onenarentzako saria. Aitor Gametxok zuzendutako lanak Martinen istorioari heltzen dio; Martin lan egiten duen platoa ilusioz betetzen duen gizona da, baina bere bizitza pertsonalean hutsune handia sentitzen du. Sariaren barruan sari ekonomiko bat eta lehiaketaren atal ofizialerako hautaketa daude. Aurtengo edizioan, euskarazko lanak zabaltzen laguntzeko, Trumoiak (Iker Maguregi) eta Vatios (David Pérez Sañudo) ere izango dira lehiaketan.
Epaimahaia
Korterrazak, halaber, atal Ofizial eta Komedia ataletako irabazleak hautatuko dituen epaimahaia itxi du. Paul Urkijo, Ylenia Baglietto eta Edorta Lamo izango dira epaimahaikideak. Urkijo ibilbide nabarmena duen zinemagile gasteiztarra da. Errementari ondo hartu ondoren, bere bigarren film luzea amaitzen ari da, Irati; bestetik, film laburren atalean hainbat titulu saridun ditu: Heriotzarekin jolasten, Monsters do not exit eta El Bosque Negro, besteak beste. Ylenia Baglietto Eibarko aktorea da, eta esperientzia handia du zineman, telebistan eta antzerkian, besteak beste, titulu hauekin: García y García, La pequeña Suiza, Acacias 38 eta Erresuma/Kingdom/Reino. Azkenik, Edorta Lamo Kanpezuko Arrea! jatetxeko sukaldari arabarra izango da epaimahaikide, Euskadiko sukaldaririk onena hautatua bera oraintsu.
Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Laboral Kutxa, Eleyco Taldea, Bertako Igogailuak, Keler eta El Correo babesleak dira eta Artium Museoaren eta Hito Hotelaren lankidetza du Korterraza Gasteizek. Korterraza Arabak, berriz, Arabako Foru Aldundiaren, jaialdian parte hartzen duten udalen, Laboral Kutxaren, El Correo egunkariaren eta Eleyco Taldearen babesa du.