Udan, Korterrazak 46 proiekzio egingo ditu Arabako 37 udalerritan

Korterraza abian da dagoeneko. Gasteizko eta Arabako aire zabaleko film laburren jaialdia normalean baino zertxobait lehenago hasi da aurten, eta ikus-entzuleek lehenengo emanaldiez gozatzeko parada izan dute jada. Udan, lehiaketak 46 proiekzio egingo ditu Arabako 37 udalerritan. Lehendabizikoa ekainaren 12an egin zen, Korterraza M3moria saio bereziarekin, Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urtemugaren harira, eta azkena irailaren 4an izango da, Burgelun. Korterrazak guztiontzako moduko kultur jarduera entretenigarri eta interesgarria eskainiko du; beti bezala, doan eta herritar guztiei zabalik. 2025ean, 12.000 pertsona inguru bertaratu ziren lurraldean egindako 48 emanaldietara.

Gasteizen, jarduerez jositako 17. edizio batez gozatuko du publikoak. Zeharkakotasunari beti leial, lehiaketak zinema, musika eta antzerkia konbinatuko ditu. Lehen aipatutako Korterraza M3moria saioaren ondoren, jaialdiak Korterraza Euskara jardunaldiarekin egingo du aurrera, ekainaren 24an (asteazkena) hasita. Izaskun Arrue Kulturguneak hartuko du euskarazko film laburren emanaldia, berritasun batekin: aurten, kontzertu bat egingo da aurretik. 19:00etan, Pelaxek Koberrak diskoa aurkeztuko du bakarka, eta 20:00etan hasiko zaie txanda film laburrei.

Gero, ekainaren 25etik 27ra bitartean, jaialdiak ohiko tokia hartuko du Artium Museoaren kanpoaldean, film laburren proiekzioekin eta kontzertuekin jarraitzeko. Ostegunetik larunbatera, hiru proiekzio orokorrak egingo dira, 22:00etatik aurrera, Artium museoaren barruko plazan. Ostiralean, hilak 26, Korterraza Txikiren aldia izango da baita ere, haurrentzako emanaldia hori, 19:00etatik aurrera, Artium Museoko auditoriumean. Larunbatean ere haurrek jarraituko dute izaten protagonistak, Kokido eta India antzezlanarekin: 12:00etatik aurrera, euskarazko ikuskizun dibertigarri batek hartuko du barruko plaza, zuzeneko musikaz, barre-algarez eta abenturez blai. Euria edo gehiegizko beroa egiten badu, Plaza aretoan egingo da emanaldia.

Musikaren alorrean, publikoak makina bat kontzerturekin gozatuko du hiru egun horietan, 18:30etik 21:45era bitartean, Artium Museoaren kanpoaldean, gurekin izango baititugu Sex Museum, Moonshine Wagon, The Soulbreaker Company, Susan Santos, Julián Maeso Sextet eta A Contra Blues. Sei kontzertu horiei, baina, beste batzuk batu zaizkie: lehen aipatutako Pelaxena, Eder Portolésena (Falerinako lorategian, Belar Sounds jaialdiaren barruan, Montehermoso Kulturunearekin lankidetzan) eta Handicap taldearena (Korterraza M3moria jardunaldiaren barruan egin zen).

“Urtero, programazioa indartzen saiatzen gara, bai eta herritarrentzat interesgarriak izango diren jarduerak gaineratzen ere. Aurten Korterrazara hurbiltzen direnek urteko film labur onenetako askorekin gozatuko dute, baita kontzertu bikainekin eta haurrentzako antzerkiarekin ere, giro onean beti, une atsegin bat igarotzeko gogoz”, nabarmendu du jaialdia antolatu duen Kultura Kalean! elkarteko Xabi Vitoriak.

Omenaldia Toni Acostari

Larunbatean, hilak 27, Toni Acosta aktorea omenduko da. Film laburrei laguntzeko EITB Sariak antzezle ospetsu hori aintzatetsiko du aurten, zeinak In Memoriam film laburra aurkeztuko baitu Korterrazan. Acostak ibilbide profesional zabala egin du zineman, antzerkian, telebistan eta irratian. 1998an ekin zion jardunbideari, baina 2019an iritsi zitzaion benetako ospea, protagonista izan baita Santiago Seguraren Padre no hay más que uno saga ezagunean.

Larunbatean baita ere, jardunaldi bat egingo da 10:30etik aurrera, Artium Museoko auditoriumean, Teresa Bellón eta César F. Calvillo zuzendari- eta gidoilari-bikotearekin, izenburu honen pean: La comedia según Teresa y César (aunque no sepas quiénes coño son Teresa y César). Sari ugari jasotakoak diren film labur batzuen egileek (No es fácil ser… Gorka Otxoa, Una noche con Juan Diego Botto, Rojo amarillo rojo) eta aurten sari gehien jaso dituzten film laburretako baten egileak (In Memoriam) beren lehenengo film luzea estreinatu zuten 2024an, Buscando a Coque, Alexandra Jiménez, Hugo Silva eta Coque Malla aktoreekin. Orain, Netflixeko Animal telesail ezagunaren bigarren denboraldiko gidoian ari dira lanean, non Luis Zahera eta Lucía Caraballo baitira protagonistak.

“Oso pozik gaude, hirurak etorriko direlako. In Memoriam lanarekin hartuko dute parte jaialdian, eta, gainera, zinemaren eta komediaren alorretan bizi izandakoak partekatuko dituzte arabarrekin. Parte hartzera animatu nahi dut jendea, oso dibertigarria izango delako”, azaldu du Vitoriak.

Hautaketa itzela

Proiekzioetan, ikus-entzuleek 50 film laburrez osatutako hautaketa itzel batez gozatuko dute, aurtengo ediziorako iritsi zitzaizkigun ia 1.400 lanen artean hautatuak horiek. Hautatuen artean, hainbat zinemagile nabarmen dauzkagu (hala nola Juanma Bajo Ulloa, Teresa Bellón eta César F. Calvillo bikotea, Jandro mago eta umoregilea edo iaz lehenengo saria irabazi zuen Rubén Guindo), baita kameraren aurrean ezagunak zaizkigun hainbat aurpegi ere (adibidez, Salva Reina, Carlos Bardem, María Algora, Miguel Rellán, Miguel Ángel Muñoz eta Mikel Bustamante).

Hautaketan, ohikoa denez, Arabako film labur asko daude: En mitad de la nada, Juanma Bajo Ulloarena, Desagradecido, Aitor De Kintana eta Iñaki Rikarterena, Las hijas del tomate, Mikel Bustamante eta María Algorarena, Inor ez Eloi Beatorena eta Dicen que tu padre, lan bizkaitarra izan arren protagonismo arabar argia daukana, Iñigo Salinerok eta Ayshane Garcíak parte hartzen baitute.

Web-telesaila

Alor zinematografikoaren barruan, Korterrazak 25 días dando tortazos a diestro y siniestro aurkeztuko du, sare sozialetarako telesail bat, 30 segundo eta 2 minutu arteko atalez osatua; bertan, protagonistak dira Goize Blanco eta Iñigo Salinero, Aitor De Kintana, Gorka Aguinagalde eta Adrián Santos arabarrak, eta Act Studioko zenbait aktorek ere parte hartu dute. Bada, erRESPETAtuz kanpainaren bilakaera da, zeina abian jarri baitzuen jaialdiak enpatia eta errespetua sustatzeko. “Izugarri gustatzen zaigu komedia, eta, era berean, gure aletxoa jarri nahi dugu, gizartea pixka bat hobea izan dadin. Hala, bi alderdi horiek uztartuta sortu da 25 días dando tortazos a diestro y siniestro telesaila, zeinak, nahiko ganberroa bada ere, oso ohikoak diren zenbait jokaera eta egoeraren gainean hausnartzera bultzatuko baikaitu”, azaldu du Vitoriak.

Telesailak Korterrazan estreinatuko du lehenengo atala, Iñigo Salinero eta Gorka Aguinagalde izaki protagonistak, eta, gero, jaialdiaren sareetan ikusi ahalko da, udan.

Korterraza Araba

Korterraza Arabaren 12. edizioan, jaialdiak film laburren 38 emanaldi egingo ditu aire zabalean, 36 udalerritan, Korterrazaren saio ibiltarien barruan. Lehiaketak lau emanaldi desberdinen artean hautatzeko aukera ematen du, herri bakoitzaren gustuetara gehiago egokitzeko: Super Hautaketa, Komedia, Txiki eta Mix. Edizio honetan, emanaldiak egingo dira Orbison, Laudion, Legution, Artziniegan, Eskuernagan, Okondon, Ondategin, Bernedon, Ozion, Zuhatzu Kuartangon, Oron, Ribabellosan, Maeztun, Aramaion, Urizaharran, Uribarri-Jauregin, Antoñanan, Dulantzin, Araian, Heredian, Leziñanan, Berantevillan, Duranan, Izarran, Lantenon, Bastidan, Markinezen, Corron, Gesaltza Añanan, Lantziegon, Oionen, Narbaizan, Urarten, Iekoran, Zabalaten eta Burgelun. www.korterraza.com web-orrian kontsultatu daiteke programazio osoa.

“Arabaren zati handi bat zeharkatzeaz gainera, jaialdia herri txiki-txiki askotara iristen da; herri horietan, aukera gutxi dauzkate haien ingurunean bertan kulturaz gozatzeko, eta, beraz, balio handia ematen diote Korterrazari, guztiontzako moduko jarduera dibertigarri eta interesgarria delako”, nabarmendu du Vitoriak.

Epaimahaia

Lehiaketaren alorrean, Jesús Martínez Nota zuzendariak, Zara García-Delgado ekoizleak eta Alejandro Cano aktore eta ekoizleak osatuko dute aurten Korterrazaren epaimahaia, eta hiruren arten hautatuko dituzte Alex Angulo Sariaren, Keler Sariaren eta komediarik onenarentzako Eleyco Taldea Sariaren irabazleak.

Dagoeneko, lehenengo hiru saridunen berri daukagu: Julen Duhauren Eguneroko legez filmak eskuratu du euskarari babesa ematen dion Bertako Igogailuak-Euskara Saria. Korterraza M3moria emanaldian, berriz, Coque Arijoren La hora escrita filma izan zen garailea Martxoak 3 Sarian, eta Guillermo Ruizen El barrio que no se rindió filmak irabazi zuen publikoak emandako M3moria Saria.

Horiekin batera, lehiaketak beste hiru sari banatuko ditu: ikus-entzuleek emandako Laboral Kutxa Saria, Zuri Esker-Euskara Saria eta Sensibiliza Saria. Korterraza Gasteizen, El Correo-Korterraza Txiki Sariak eta 2. Korterraza Txiki Sariak osatzen dute palmaresa. Araban, ikusleek botoa emanda hautatuko dituzte Korterraza Araba Sariaren eta Korterraza Araba Txiki Sariaren irabazleak. Guztira, 8.000 euro inguru banatuko dira sariketetan, epaimahaiak eta ikus-entzuleek emandako sarien eta parte-hartzearen eta ikusle kopuruaren araberako sarien artean.

Kontzertuak

Ekainaren 25etik 27ra bitartean, jaialdiak kontzertu interesgarriak eskainiko dizkie gasteiztarrei Artium Museoaren kanpoaldean eta Falerinako lorategian, guztiak doan, lekuak bete arte. Ostegunean, hilak 25, A Contra Blues eta Moonshine Wagon taldeek partekatuko dute agertokia Artium Museoaren kanpoaldean, 18:30etik aurrera. Bigarren taldea Aiaraldetik etorriko zaigu, bluegrassaren eta heavyaren konbinaketa basati betean 12 urteko ibilbidea egin duen honetan. Denbora honetan, 1.000 kontzertu baino gehiago eman ditu; hainbat herrialdetan jo du (hala nola Estatu Batuetan, Belgikan eta Holandan), eta jaialdi nabarmenetan hartu du parte (besteak beste, Resurrection Fest, Azkena Rock, Erresuma Batuko Boomtown Fair eta Estatu Batuetako Muddy Roots Festival jaialdietan). Moonshine Wagonekin batera, publikoak A Contra Blues taldearekin gozatuko du. Kataluniako talde ezagun hori ere, Jonathan Herrero gasteiztarra buru dela, urtemuga ospatzen ari da, 20 urte baitaramatza taula gainean jotzen.

Ostiralean, hilak 26, Susan Santosekin hasiko da arratsaldea Artium Museoan. Estatu mailan, gitarra-jotzaile eta abeslari hori rockaren, bluesaren eta countryaren adierazgarri onenetako bat da dagoeneko, baina nazioartean ere aitortza egin diote, European Blues Awards eta LA Critic’s Awards sariketetan adibidez. 2024an, Sonora plazaratu zuen, orain arte argitaratu duen azkena. Atzetik, Julián Maeso agertuko da taula gainean, seikotean. Musikariak, nahiz eta hirian publiko fidela izan, denboratxo bat darama Gasteiz zapaldu gabe, eta, orain, Healing Gang aurkeztuko digu, iaz egindako disko autoeditatua.

Larunbatean, hilak 27, jaialdiak aurrera jarraituko du Montehermoso Kulturuneak sustatzen duen Belar Sounds zikloarekin lankidetzan. Eder Portolések Falerinako lorategian joko du 13:30etik aurrera. Portugaleteko abeslari, konpositore eta sortzaile eszenikoak E-Motion aurkeztuko digu, duela hilabete batzuk argitaratutako diskoa, soula, jazza, funka eta popa euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez uztartzen dituen konbinazio indartsua zinez, bere obran erreferente handiak diren musika beltzeko abeslariei omenaldia eginez.

Arratsaldean, rockak hartuko du Artium Museoaren kanpoaldea. Sex Museum eta The Soulbreaker taldeek goi-mailako kontzertu bana emango dute 18:30etik aurrera. The Soulbreaker Company azken diskoarekin itzuliko da jaialdira, hau da, maiatzean aurkeztu berri duen Sins diskoarekin. Arabako banda hori erreferenteetako bat da estatuan, underground rockaren alorrean. Sex Museum, bestalde, 20:00etatik aurrera jabetuko da Artium Museoko agertokiaz, musika-banda mitikoa berriro izango baitugu jaialdian, hirian dauzkan entzule ugari eta fidelak alaitzeko.

Musikaren lotuta, zinemaren eta zuzeneko musikaren emanaldia iritsiko zaigu uztailaren 12an, Jazz Jaialdiarekin eta Gasteiz, zinema-hiria zikloarekin lankidetzan. Iaz bezala, herritarrek ikus-entzunezko proiekzio batez gozatuko dute, baina kontzertu batekin konbinatuta, emanaldi desberdin eta oso erakargarri batean.

Erronka Garbia

Alderdi sozialean, Korterrazak irmo egingo du ekitaldi jasangarri eta ingurunearekin begirunetsua izatearen alde. 2019tik urtero, lehiaketak Erronka Garbia ziurtagiria jasotzen du, IHOBE – Ingurumen Kudeaketaren Sozietate Publikoak ematen duen aitortza. Lehiaketak, gainera, eutsi egingo dio sexismorik, homofobiarik, transfobiarik eta jokaera zapaltzailerik gabeko ekitaldia izateko apustuari, eta martxan jarriko du erRESPETAtuz kanpainaren zazpigarren edizioa, non, zenbait iragarkiren bidez, betiere umore-ukituarekin, inguruan dauzkagunentzat gogaikarriak izan daitezkeen jokaeren gainean kontzientziatzen baikaitu.

Kultura Kalean! elkarteak antolatzen du Korterraza. Gasteizen, jaialdiak hainbat entitateren babesa jasotzen du (Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako Saila, Laboral Kutxa, Keler, Eleyco taldea, EITB, Bertako Igogailuak, El Correo), eta beste hainbeste lankidetza abiarazten ditu (Artium Museoa, Montehermoso Kulturunea, Izaskun Arrue Kulturgunea eta Radio Vitoria). Araban, berriz, lehiaketak Arabako Foru Aldundiaren, udal parte-hartzaileen, Laboral Kutxaren, Eleyco taldearen eta El Correoren babesa jasotzen du.